XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren ondar eritasuna hasi zen bi ilabete hil aintzin hartu zuen desgutu bitxi batekin...

Etxean bazuen gizontto bat bere familia eta menaiuarekin.

Etzen hor deus zerbitzuren bihurtzeko, bainan begiratzen zuen hor ezarria ukan balu bezala Probidentziak, eta arta haundia bazuen hartaz.

Gizontto horren haurretarik bat zurruminoetarik eri erori zen, eta bi eri baziren ene anaiaren etxean: hura eta haur hori.

Ene anaiaren ondoan behar nuen, eta lanjer baitzen zurruminoen aire gaixtoa har nezan eta ene haurrer eman, erabakia hartu zen haur hori (etxetik) atera-araziko zela, bainan ene anaiaren karitateak arras bestela deliberatu zuen; ezen erabakia har-arazi zion bere etxetik aterako zela eta enerat etorriko.

Arras eri zen jadanik, bainan zion lanjer gutiago zela harentzat ezinez eta haur horrentzat toki batetik besterat eremana izaitean; eta hola hura behar zen ereman eta ez haur hori.

Eta funtsean bere burua ereman-arazi zuen gure etxera.

Karitatezko akta hori baino lehen, ene anaiak ofentsa bat barkatua zuen afera arras minbera batean haren alderat ainitz zor zituen bati.

Hori beti bezala egin zuen ene anaiak, ez bakarrik den gutieneko orhoitzapen gaixtorik gabe, bainan norbaiten biltzeko behar diren manera ezti eta zuzen guziekin.

Eta, dudarik gabe, Jainkoaren probidentzia berezi baten nahitara, Jainkoaren aintzinerat agertzea hain hurbil zuen denbora hortan, bi urrikalmenduzko obra horien egiteko okasionea ukan zuen, horiek baitira Ebanjelioan Jainkoaren hautuko marka batzu, hil beharko zuenean ukan zezan berehala karitatezko bi egintza horietan bere bekatuak Jainkoak barkaturen zazkolako lekukotasuna, eta emanen ziola harentzat zaukan erreinua, egiten zionaz geroz besten bekatuen barkatzeko eta heien beharrean hoin errexki laguntzeko grazia.

Bainan ikusiko dugu egiazko hautetsi(1) prédestiné baten heriotzerat preparatua duela Jainkoak beste egitate batzuez, ez direnak gutiago kontsolagarri.

Hiru egun gure etxean egon ondoan, lotu zitzaion sabeleko min ezin bortitzago bat, loa osoki kentzen ziona; bainan izpirituko indar ainitz baitzuen eta kuraia haundi bat, etzen egoiten egun guziez jeiki gabe, berak bere sendagailuak hartuz, den gutieneko xerbitxua egin zezakoten jasan gabe.

Haren gaitza haundi zaukaten medikuek; bainan sukarrik ez baitzuen etzuten bizkitartean uste ukan lanjerrik bazela.